Iker Serranoren margolanak

Zer margotuko duen erabaki aurretik, Iker Serranok honako bi hauek jakin behar ditu: zertarako eta zergatik. Ez da adierazpen hutsa, ezta bizipen hutsa ere. Ez da ari artearen historiaren jatorri den metalengoaiaren erreferentzialtasunaz. Eta ez du irudikatutakoak jartzen dizkion trabak gainditzeko gaitasun bertutetsuen batuketa bat bilatzen. Atseginezko liluratik oso urruti, uste du artea gehiago dela ahalegin intelektuala, fisikoa baino. Horretarako, testuen munduan murgiltzen da, eta metaforaz betetako narratiba bat sortzen du, proiektuaren oinarri diren teoriagileen eta idazleen aipamen ugari erabiliz. Horrela, "Bidaia eta Uhartea" lanak aldez aurreko lan sakona egitea eskatzen du, baina pedantea eta kulturista izatera iritsi gabe. Ohar eta zor figuratiboekin, ideiak sortu, planak egin, motiboak antolatu eta aukeratzen ditu. Egiten dituen bilaketen background delako hori osatu nahi du, eta arrastoen eta sekuen-tzien bidez, bilaketa horiek azpimarratu. Obra estatiko utzi gabe langintzaren menpe, bikaintasunaren estetika eta barregarritasunaren xehetasuna onartzen ditu. Conraden oharrarekin ongi adierazten duen bezala, ibilbide heroikoari dagokionez arteak duenari buruz ari zaigu, baita haren dorpeziaz ere bai, artistaren beraren lantzea kontutan hartzen ez denean, bereziki. Bidaia horretan, egilea gauzen aurrez aurre dago, baina bere buruarekin topo egitea ere sustatu beharra du, eta motiboen sakon-sakonean murgildu.

Artistak adi behar du egon beti, eta zelatan. Poz eman edota atse-kabetu baino gehiago, obra bakoitzari darion ezinegonaren bidez gonbidatzen gaitu galde egitera eta gure interesa piztera. Arteari buruz ari den sorkuntza modu bat da hau. Bitxikeria baina harago, sortzailearen irudiari buruz ari zaizkigun ideiak adierazten dizkigu. Bide bihurriak dira horiek, eta alegoria erabiliko du, zentzu modernoan, gauza bakoitzari esanahi ezberdin bat emateko. Dagoeneko ez dago zentzua menperatuko duen hiztegirik, abentura sortzaile askea baizik. Ispiluen joko modukoa ematen da hemen ere, emaitza babesteko eta haren gain bere aldamenetik zeharkatzen den guztiaren eragina proiektatzeko.

Bere lana tentuz berraztertu ondoren, Iker Serranoren aberri piktorikoa sentimendu erromantiko batetik eta naturarekiko elkarbizitzari eutsi nahi dion sortasun ekologiko baten aldeko sentimendu batetik hurbil dagoela ikusten da. Beste edertasun modu bat, adierazpen lasaiaz eta zirriborro grafikoz osatua. Ez bakarrik zatien arteko erabateko batuketa, baita ezberdin den hori lotzeko baieztapena ere. Ezagutzaren herria bizi du, ikasitakoaren aurrean kokatzen da eta arauei erronka botatzen die, gauzen beste dimentsio bat proposatzeko.

Berak margotzen duen mundu horretan, ametsak eta erreala denaren deskribapenak ia banandu ezin ematen dira. Oroimen per-tsonalak ere badaude, mendiak eta errekak dituen herri horretan. Intimoa eta subjektiboa da paisaia, noiz aurkituko duten zain dagoena, eta aldi berean orainetik iraganera abiatzen lagunduko duten enigmak noiz zabalduko, bizitza salbatuko dizun zerbait eskuratzeko. Etxean beldurrez akabatzen bakarrik uzten duten haurraren antzera, artistak oihanaren deia aurkitzen du bazter batean eta ikaratuta egoteari uzten dio, modu plastikoan adierazi, aritu daitekeelako eta irakurri dezakeelako. Sortzea eta artista izatea zer diren esaten ahalegintzen da, batez ere. Bere buruari galdetu egiten dio, lanean jarraitu ahal izateko.

Bastidorearen mugek aztarna piktorikoa biltzen dute, eta hark leihoak sortzen ditu. Zerbait dator eta beste zerbait atzean geratzen da. Juan Ramon Jimenezek esan bezala, "artea oso azkarra izan daiteke, baina oso geldoa izango den baldintzarekin". Iraupena eta hedadura, elkarrekin adierazten diren bi hitz dira. Batzuetan, irudia da denboragabeko protagonista, eta bakarra. Hondoen gabeziak azpimarratzen dituen gai hotz-hotzak ere egon badaude. Inongo lekutan kokatuta dauden pertsonaiak edota objektuak dira. Adierazteko erabiltzen duen errealismoak agerian uzten du haien kokaleku falta.

Beste batzuetan, berriz, hondo edo atzealdeak kontrapuntuaren lanak egiten ditu, eta begien aurrean gertatzen den hori zeha-tzago lekutzeko balio du. Bere berezko nobelaren irudia ilustratzen ari dela dirudi, kolore bizi, baina hotzekin. Foku sakon batek gaueko eszenak argitzen ditu, pertsonaien begirada desbideratu egiten duena eta eszenari ausentzia kutsua ematen diona. Hasieran zerbait baino ez dago jakiterik. Gero, multzoak konplexuago den errealitate bat uzten du agerian. Askotariko garaietako heroien eta mitoen bizileku diren ura, basoko soilguneak edo landaredia bezalako baliabide naturalak erabiltzen ditu. Bizipena eta fikzioa uztartuz, haien artean oso ezberdinak diren mugaldeak bisitatzen dituzten motiboak: harrizko izotza eta hezetasun baso-tsua. Mundu nordikoa eta itsas hondoa. Uharteak edo kontinenteak. Iglua eta kanpaina-dendak bezalako babeslekuak sortzen dituen egora, mutur-muturreko biziraupenari eutsi ahal izateko. Ikerketa tenporalak dira, niaren inguruan zein sakoneran gertatzen denari buruzkoak. Mutur-muturreko tokien bila dabilen artista horren aukerak erakusten dituen sintesi bat. Aldi berean da oraindik aurkitu gabe dagoenaren bila dabilen menturazale eta tentuz aztertzen duen ikerlari. Egoera bitxien bitartez, adimenak zein sentsibilitateak eraikitzen duten fabula moduko bat da lortutako emaitza. Irudipen piktoriko pertsonalizatuenera itzulera da, teknologia berriek ostrazismora zigortu nahi duten pinturari ihes egiteko.

Xabier Sáenz de Gorbea